Fedeafesen ikerketa baten arabera, buru gaixotasuna duten emakumeen %75k indarkeria jasan du familiartean edo bikote-harremanean
Azterlanaren egile Alicia García Santosen esanetan, datu hauek "icebergaren punta" dira, eta ikerketa gehiago burutzeko beharra nabarmendu du, emakume hauek sufritzen duten abusu tasa ikaragarriaren ikuspegi zabalagoa lortzeko. García Santosek azaldu bezala, buru gaixotasuna duten emakumeek bizi dituzten indarkeria moten artean fisikoa, sexuala, ekonomikoa eta instituzionala desberdindu behar dira. Azken hori erakunderen batean ospitaleratuak daudenen artean gertatzen da, eta eremu horretan "guztia aztertzeke" dagoela aipatu du ikertzaileak.
Ikerketa prozesuan zehar harritu egin dela onartu du García Santosek, eragile guztiek indarkeriaren arazoa sistematikoki gutxiesten zutela konturatzerakoan. Gainera, azterlanean parte hartu duten emakumeek eurak sufritutako biolentzia "gogortasun" eta "naturaltasun" handiz kontatzeko prest agertu zirela azpimarratu du, ingurune segurua eta entzunak izateko prestasuna topatzeak lagunduta.
Beste datu batzuen artean, buru gaixotasun larria duten emakumeen %25k haurtzaroan bortxakeria sexuala sufritu duela jakinarazi dute, gainerako emakumeen zifraren (%3,5) oso gainetik. Horrez gain, kezkatuta agertu da kasuen %50ean psikiatrak ez baitzituen hauteman pazienteak azken urtean jasotako tratu txarrak.
Fedeafeseko gerente Mari Jose Canok kaltetutako emakumeei sinesgarritasuna ematearen garrantzia nabarmendu du. Izan ere, batzuetan profesionalek ez dute euren testigantza kontuan hartzen buru gaixotasunak eldarnioak eragiten dituela ulertzen dutelako. Hala ere, datuek baieztatzen duten moduan, jarritako salaketak errealak dira kasuen gehiengo garbi batean eta ehuneko minimo batean salatzen dira egoera irrealak.
Fedeafesetik, beste proposamen batzuen artean, Osakidetzaren eta buru gaixotasuna duten pertsonen elkarteen arteko koordinazioa hobetzea aholkatu dute, baita buruko nahasmendua duten emakumeekin lan egiten duten profesionalei indarkeriari buruzko prestakuntza eskaintzea ere. Euskal federazioak adierazi duenez, garrantzitsua da kasu hauetan lan egiteko erreferentziazko psikiatrak izendatzea nahiz datuak partekatzeko sistema garatzea. Adibidez, jasandako indarkeria-kasuak historia klinikoan sartu beharko liratekeela defendatu du.
Maria Angeles Arbaizagoitia Fededeafeseko presidenteak jakinarazi duenez, kolektibo honen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko du azterlanak. Instituzioei eskaera egin die, gainera, babes zentroetan nahiz biolentziaren biktima diren emakumeentzako arreta psikologiko espezializatuan hartzen ez dituzten kasuei erantzuna eman diezaieten.
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek ikerketaren garrantzia azpimarratu eta “oharrak hartuko” dituztela gaineratu du. Lanpostu faltak, isolamenduak eta gizarte-estigmak kalteberatasuna areagotzen dutela dioen atalaren harira, instituzioen eta sektore sozialaren arteko elkarlanaren garrantzia nabarmendu du, erronka horiei erantzuna emateko garaian “eraginkorragoak izateko”. Azkenik, “lan asko egin behar dugula” aitortu du, eta Fedeafesi “eskua eskaini” dio “elkarlanean jarraitzeko”.
Bestalde, Emakundeko zuzendari Miren Izaskun Landaidak adierazi du ikerketa bultzatzea erabaki zutela buruko nahasmendua duten emakume kolektiboaren inguruko datuak jaso eta ondorioak atera ahal izateko. Era berean, azterlanaren emaitza txalotu eta dibertsitate funtzionala duten emakumeak barne hartuko dituen berdintasun politikak garatzeko lagungarri egin zaiela azpimarratu du. Izan ere, “berdintasuna, guztiontzat ez bada, ez da berdintasuna”, amaitu du Landaidak.
Sentsibilizatzeko gida
Ekitaldian buru gaixotasuna duten emakumeekin lan egiten duten profesionalak sentsibilizatzeko gida ere aurkeztu du Fedeafesek. Dokumentu horretan indarkeriaren biktimen eta buru gaixotasunaren arteko konexioez ere ohartarazten dute. Zehazki, kasu askotan indarkeria dago patologiaren beraren oinarrian eta, gainera, nahasmendua duten pertsonek arrisku gehiago dute biolentziaren biktima izateko.
Gidaliburua lagungarria da indarkeria-egoera horiek detektatzeko gizarte eta osasun zerbitzuetan zein buru gaixotasuna duten pertsonekin lan egiten duten elkarteetan. Tratu txarrak hautemanez gero, nola jokatu jakiteko jarraibideak ere jasotzen ditu dokumentuak. Edozein kasutan, ikerlanaren arabera, ingurune seguruan dauden emakumeak gai dira bizi izan dituzten bortxakeriak naturaltasunez kontatzeko. Halaber, behar bezala entzungo dieten profesionalak eta beharrezko babesa topatuz gero, abusuzko egoera horiek lantzeak efektu terapeutikoa duela dio.