“Nire alabaren buru gaixotasuna modu normalizatuan bizi dut orain"
"Duela hamaika urte ezagutu nuen Asasam, nire alaba jokabide arazoak edukitzen hasi zenean". Maite del Ríok kontatzen duenez, hasieran psikologoek uste zuten bere senarrarengandik banandu zelako jokatzen zuela horrela alabak. Baina jokabide bortitzak edukitzen hasi zenean jakin zuen Maitek horrek zentzurik ez zuela.
Etxeko bizikidetza oso gogorra zen: "Jatorria eta kausak bilatzen dituzu, baina askotan ez duzu ezer topatzen. Edonori gerta dakioke, baina hasieran oso galduta zaude". Zorionez, goiz konturatu ziren "terapia eta farmakoak" behar zituela oreka berreskuratzeko.
"Hasierako momentuak oso gogoan ditut, oso gogorrak izan ziren", onartzen du Maitek. Baina denborarekin lortu du buru gaixotasunarekin "modu normalizatuan" bizitzea. Horrelako egoeraren batean dauden senideei adierazi nahi die "beldurrik ez izateko", eta elkartera gerturatzeko aholkularitza eske. "Buru gaixotasun guztiak ez dira berdinak, pertsonekin gertatzen den moduan, baina bakoitzarentzat egokitutako laguntza badago. Beraz, garrantzitsua da aurrera egin eta informazioa eskatzea".