“Buru gaixotasuna normaltasun handiagoz ikusten du gaur egun gizarteak”

Isabel Aldama
21/05/2014

Isabel Aldama Asasameko lehen diruzaina izan zen eta oraindik gogoan du duela 25 urte zer gertatu zen, baita elkarteari izena jarri zitzaion bilera ere. Asasam sortzeko garaian, psikiatrikoko gizarte-laguntzaile baten lana nabarmentzen du, eta lehen urteetan elkartetik pasa ziren pertsonen izen-abizenak oroitzen ditu oraindik.

 

Gogoan du elkartearen hasieran buru gaixotasuna zuten pertsonekin paseoak ematera joaten zirela, eta lehen ekintzak nola antolatu zituzten azaltzen du; hala nola hondartzara irteerak. Bilerak egiteko arazoak zituztela baieztatzen du, izan ere, ez zuten egoitza ofizialik eta lokala beste elkarte batzuekin partekatu behar zuten. Garrantzitsua da oso, Isabelen ustez, ekintza desberdinak egin ahal izateko dirua lortzen saiatu ziren pertsonen esfortzua.

 

1989tik aurrera elkarteak garapen nabaria izan duela uste du Isabelek, instituzioak gero eta gehiago inplikatzen direlako eta gizartean buru osasun arazoak dituzten pertsonak gehiago eta hobeto ezagutzen direlako. Gainera, sendagileek buru gaixotasuna dutenei arreta egokiagoa ematen dietela ere azpimarratzen du. “Orain dela 25 urte jasotzen genuen arreta ez zen egokia; familiei egozten zieten beraien seme-alabei heziketa egokia eman ez izana. Ez zen ulertzen gaixotasun bat zela”. Zorionez, orain gizarteak kolektiboa “normaltasun gehiagoz ikusten duela” pentsatzen du.