“Informazioa funtsezkoa da buru gaixotasuna duten pertsonen gizarte-bazterketa ekiditeko”
Asasamen lehenengo presidenteetarikoa izan zen Araceliren semea da Juan Carlos. Amarekin batera egon zen elkartearen hasieran eta gogoan du banketxeetara, enpresetara eta erakundeetara joan zirela baliabide eske. Jaso zuten diruarekin, buru gaixotasuna zutenek asteburuko irteerak eta hondartzara txangoak egin edo zinera joateko aukera zuten.
Buru gaixotasuna dutenei arreta egokia eman eta “baliagarri” senti daitezen lagundu behar zaiela dio. Izan ere, pertsona horiek “etxetik atera eta isolamendua hausten” laguntzen dieten jarduerak dituzte aukeran egun.
Bere ustez, gizarteak buru gaixotasuna duten pertsonen kolektiboa hobeto onartzen du, baina oraindik bide luzea egin behar dela dio: “Buru gaixotasuna edukitzeaz ez gaude inor libre. Alabaina, jendeak ez daki zer den gertutik ikusten duten arte”. Eboluzio honen gakoa “informazioa” da; “lehen, ezjakintasunaren ondorioz , gehiago baztertzen zuten kolektiboa”, irizten du Juan Carlosek.