“Lan asko egin behar izan da hemen, eta pozik nago elkartea momentu honetan oso ondo dagelako”
Gabriel Asasameko fundatzailetariko bat da eta gogoan du nola jarri zuten martxan elkartea 1989ko maiatzaren 11an. Elkartea abian jartzeko erabakia hartu zuten, eskualdean buru gaixotasuna zuten pertsona askok ez zutelako arreta egokia jasotzen.
Gabrielen zuzendaritzapeko lehen lan-talde hark ahalegin handiak egin zituen bazkideak erakartzeko, eta kalean kartelak jarri zituzten senitartekoek elkartearen berri izan zezaten. Lehen urte haietan, erabiltzaileei zerbitzuak emateko asmoarekin, adibidez udalekuak antolatzeko xedez, baliabideak lortzeko lan handia egin zutela nabarmentzen du. Aldi berean, gainera, elkartearen egoitza martxan jarri behar izan zuten.
“Oso pozik” dago Gabriel Sierra Asasamek urte hauek guztietan izan duen garapenarengatik. “Lan asko egin behar izan da hemen eta asko pozten nau orain elkartea zein ondo dagoen ikusteak”.