“Orain askoz ere barneratuago nago gizartean"

Estíbaliz Camino
23/05/2014

"Beheraldiak izaten ditut noizean noiz, baina ongi sentitzen naiz. Lehen beldurra nion kalera irteteari eta jende ezezagunarekin egoteari; eta orain askoz ere barneratuago nago gizartean, pixka bat ireki naiz". Antsietate eta urduritasun arazoak zituen Estibaliz Caminok eta senideen aholkuz etorri zen Asasamera.

 

Hasiera "pixka bat traumatikoa" izan zen beretzat;  izan ere, familia barruan buru nahasmenduarekin loturiko kasu gehiago bizi izan zituen aurretik. Hala ere, denborarekin hobeto sentitzen da.

 

Asasamek "konfiantza" eman dio Estibalizi, eta "gainontzeko pertsonak bezalakoa" dela onartzen lagundu dio. "Buru gaixotasuna ez da naturaren kontrakoa, edonori gerta dakioke. Pertsonok aldaketak izaten ditugu eta onartu egin behar dira", baieztatzen du.

 

Behin baino gehiagotan ikasten saiatu da, baina orain duen adinagatik lan egitea nahiago du, bere burua horretarako gai ikusten duen arloren batean. Bereziki gustukoa du sukaldaritza, eta egunero disfrutatzen du zaletasun horrekin.