“Berriro lanera bueltatu nahi dut, nire ekarpenarekin asebeterik sentitzeko”

Patxi Blanco
25/05/2014
Asasamera etorri zenean, duela bi urte eta erdi, "nahiko galduta" sentitzen zen Patxi Blanco, baina denborarekin eta elkarteko profesionalen laguntzarekin, moldatzea eta lagunak egitea lortu zuen. "Asasami esker gizarteratzea lortu dut, nire isolamendutik ateratzea", jakinarazi du.
 
"Aktibo egoten" laguntzen dioten jarduerak gauzatzen ditu egunero elkartean. Horrela, lan mundura bueltatu behar duenerako prest egotea du helburu. Asasamen sartu aurretik, soldatzaile eta igeltsero lanpostuak izan zituen, eta galdaragintzan ere aritu zen. Etorkizunari buruz gogoeta eginez, horietako edozein lan berreskuratzea gustatuko litzaioke. "Egiten dudanarekin eta nire ekarpenarekin asebeterik sentitu nahi dut", azaltzen du. 
 
Elkarteko profesionalek erabiltzaileen gizarteratzea sustatzeko lan egiten dute, munduarekin harremana izateko lagungarriak zaizkien jarraibideak eduki ditzaten. Hori dela eta, oraindik laguntza eskatzera ausartu ez diren pertsonak elkartera gertura daitezen animatzen ditu Patxik, "zentro honetan dituzten aukerak ezagutu ditzaten".