Buru gaixotasunaren inguruan pentsaerak ireki eta estigmak ixteko jardunaldia

Día Mundial de la Salud Mental 2014
Fedeafesen bildurik dauden elkarteek Buru Osasunaren Munduko Eguna ospatuko dute urriaren 18an, Laudion. Aurten aukeratutako leloak, “Pentsaerak irekiz, estigmak itxiz”, gaixotasun psikikoen inguruko aurreiritziak gainditzeko helburuari erreferentzia egiten dio. Zentzu horretan, euskal elkarte-mugimenduak herritar guztiak ospakizunetan parte har dezaten gonbidatu nahi ditu, kolektiboari babesa emateko xedez.
 
Izan ere, aurreiritzi sozialen ondorioz, “gaixotasuna duen pertsonak tratamenduari eusteko zailtasunak izaten ditu, lana topatzeko aukerak murriztu egiten zaizkio, eta harreman sozialetan ere oztopoak izaten ditu”, jakinarazi dute Fedeafesetik. “Pentsaerak irekitzeko” eta “estigmak ixteko” modu egokiena da “gizarteak buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen errealitatea zuzenean ezagutzea”. 
 
Zehazki, “desgaitasuna duten kolektiboen artean, hau da lan munduan sartzeko zailtasun gehien dituena”. Horrela jakinarazi du María Ángeles Arbaizagoitia Fedeafeseko presidenteak. Estatistika Institutu Nazionalaren arabera, “nahasmendu psikikoa duten pertsonen soilik %15k du lanpostua”. Hori dela eta, lan babestuko programak abian jar ditzaten eskatzen du elkarte-mugimenduak, “lanak buru gaixotasuna duten pertsonen bizitza normalizatzen laguntzen duelako”.
 
Elkarte-mugimenduaren eskaera garrantzitsuenetarikoa da, halaber, “pertsonak euren gertuko ingurunean barneratzea helburu duen esku-hartze eredu komunitarioa” bermatzea. “Pertsona horiek euren komunitatean bizi eta gara daitezen bultzatzeko, ezinbestekoa da baliabide eta laguntzetan inbertitzea”, adierazi du Arbaizagoitiak. Eredu horrek “pertsonaren duintasuna errespetatu eta estigma sozialari aurre egiten laguntzen du. Gainera, buru gaixotasuna normalizatzeko mesedegarria da, gizarteak beste eritasunen moduan ikus dezan ahalbidetzen baitu”, erantsi du. Esku-hartze eredu hori errekuperazioarentzat onuragarria izateaz gain, “gastu publikoak txikiagotu egingo lituzke, partida garestienak asko murriztuko liratekeelako: ospitaleratzeak eta larrialdi zerbitzuak kasu”, ziurtatu du. 

Ekitaldiak Laudion

Asasamek bere gain hartu du aurtengo buru osasunaren aldeko euskal festaren antolaketa, eta hiru lurraldeetako hainbat erakunde izango ditu gonbidatu. Ekitaldiak goizeko 11etan Aldai plazan hasiko dira, erakundeetako eta elkarteetako ordezkariek adierazpenekin. Radio Llodioko Iratxe Estrada kazetariak inaugurazio ekitaldia aurkeztuko du eta Azeritopo Trikitixa Taldearen musikak jaia girotuko du.
 
11:30ean Los Arlotes musika taldearen emanaldia izango da plazan bertan. Gainera, 14:00ak arte, buru osasunari buruzko informazio standak egongo dira, baita Euskadiko buru gaixotasuna duten pertsonek egindako eskulanen erakusketa eta salmenta postuak ere. Sabela betetzeko aukera ere izango dute bertaratuek, txorizo eta odolki pintxo-potean. DJ Victor arduratuko da musika-giroaz, eta etxeko txikiek Kirikiño Taldeak antolatutako jokoetan parte hartu ahal izango dute. Gainera, futbito partida jokatuko da, eta Txato Nuñez Athetic Club-eko jokalari ohiak egingo ditu arbitro lanak.
 
Fedeafesen barne dauden elkarteen bideoen proiekzioak egingo dira plazan, eta Asasamek bere 25. urteurrena ospatzeko antolatu duen buru osasunaren aldeko argazki lehiaketako lan onenen erakusketa ere izango da ikusgai. 
 
Eguerdian, elkarteetako erabiltzaile, senide eta bazkideak Urduñako bainuetxe-hotelera joango dira elkarrekin bazkaltzera.