Elkartasuna, aldarrikapenak, kirola eta musika: Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren osagaiak

Euskadiko ehunka pertsonak parte hartu genuen Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira egindako festan, urriaren 18an Laudion. Jardunaldi atsegina izan genuen, eta gizarte nahiz osasun arloko agintari ugarik gurekin bat egin zuten. Musika, dantza, haur jolasak eta kirola ere izan genituen, besteak beste.
 
Arartekoaren ondoko Julia Hernándezek Zigor Kodearen erreforma-proposamena salatzeko aprobetxatu zuen ekitaldia. Bere esanetan, buru gaixotasuna duten pertsonen eskubideetan “20 edo 30 urteko atzerapausoa” dakar arau berriak.
 
Fedeafeseko presidente Mª Ángeles Arbaizagoitiak nabarmendu zuenez, buru nahasmendua duten pertsonak arlo komunitarioan barneratzeko baliabide nahikoak behar ditugu, bizitza normalizatua izan dezaten ahalbidetzeko”.
 
Arabako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako zuzendari Paloma Arancetak Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren leloa aitatu zuen, ‘Pentsaerak irekiz, estigmak itxiz’, “gizartearen begirada aldatzearen eta aurreiritziak baztertzearen alde” apustu egiten duelako. “Sinesmen ustelek gaixotasunak berak baino kalte gehiago egiten die nahasmendua duten pertsonei”, baieztatu zuen.
 
Laudioko alkate Natxo Urkixok, berriz, kolektiboak eritasun mentalak ikusarazteko egiten duen lana eskertu zuen, bai eta gizarte-bazterketak eragiten duen sufrimendua erakusteko esfortzua ere.
 
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darponek “aurreiritziak eta diskriminazioak bertan behera utzi” behar ditugula defendatu zuen. “Guztion erronka da: erakundeona eta, bereziki, gizarte osoarena”.  
 
Juan Mª Aburto Enplegu eta Gizarte Politiken sailburuak gogorarazi zuenez, “lasaitasunez hitz egiten dugu, adibidez, kantzerra duten pertsonez; aitzitik, ez dugu eskizofrenia duten pertsonak esaten, baizik eta eskizofrenikoak. Eta batzuetan hitz hori irain moduan erabiltzen dugu”. “Amai dezagun estereotipoekin, aurreiritziekin eta diskriminazioarekin”, gaineratu zuen.
 
Inaugurazio ekitaldiari bukaera emateko, Fedeafeseko Buru Gaixotasuna duten Pertsonen Batzordeko kide Gotzonek eta Mª Isabelek jardunaldiko aldarrikapen adierazpena irakurri zuten.
 
Fedeafesek eta Asasam-ek antolatutako jardunaldian gizarte arloko pertsona eta entitate ugarik parte hartu zuten. Festa giro aparta izan zen nagusi.