ASASAMek Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen sexualitatea artatzeko profesionalentzako gida bat aurkeztu du

 03-09-2021

Sexu Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, bihar, irailaren 4an, ASASAMek pertsona OROREN sexualitatea artatzeak duen garrantzianabarmendu nahi du. Ekar dezagun gogora sexu-osasunaren definizioa: Sexualitateari loturiko ongizate fisiko, mental eta sozialeko egoera, sexualitatearen eta sexu-harremanen ikuspegi positibo eta adeitsua behar duena, bai eta sexu-esperientzia atseginak eta seguruak izateko aukera ere, inolako hertsapenik, diskriminaziorik eta indarkeriarik jasan gabe. Sexu-osasuna izateko eta mantentzeko, pertsona ororen sexu-eskubideak errespetatu, babestu eta erabat egikaritu behar dira (OME, 2002). Sexualitatea, subjektu bakoitza emakume eta gizon gisa nola sentitzen den, nola bizi den eta bere burua nola adierazten duen ulertuta, bizitza osoan irauten duen egitate biografikoa da, gizaki guztioi atxikia. Gaixotasun mentalaren diagnostikoa izateak ez dakar berekin emakume eta gizon izateari uztea, ezta sexualitateaz gozatu ezin izatea ere. Alabaina, gaixotasun mentalen batekin diagnostikatutako pertsonen eskubideak etengabe urratzen dira, horixe da errealitatea, eta kolektibo honen sexualitatea sistematikoki ukatzen da. Horren adibide dugu, besteak beste, ez dagoela -modu orokortuan- kolektibo honen sexualitatea lantzeko proiektu edo estrategia espezifikorik, eta, hain zuzen, horrexek bultzatu du ASASAM gida hau sortzera.

Mª Ángeles Arbaizagoitiak, ASASAMeko presidenteak, osasun-arloko eta gizartezerbitzuetako profesionalek aldaketa-eragile gisa duten garrantzia azpimarratu du, eta osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen sexualitatea lantzeko programak sortzeko beharra aldarrikatu.

Maila formalean, gizaki ororen sexu-eskubideak aitortu egiten dira, gaixotasun mentalen bat diagnostikatuta dutenenak barne. Orain, egia bihurtzea baino ez da falta. Horretarako, osasun mentalaren esparruko profesionalak sexualitateak artatzeko programak gauzatzera gonbidatu nahi ditugu, pertsonarengan ardaztutako arreta-eredua oinarri; izan ere, eredu horrek pertsonaren bizitzako eremu guztietan hobekuntzak lortzea du xede, haren duintasuna eta eskubideak erabat errespetatuta, baita haren interesak eta lehentasunak ere, eta hark aktiboki eta afektiboki parte hartuta. Sexualitatea ere Mendebaldeko moralak ezkutatutako giza alderdia izan denez, tabu bikoitzari egin behar diogu aurre sexualitateaz eta gaixotasun mentalaz ari garenean. Pertsona hauei EZAUGARRI jakin batzuk esleitzen zaizkie, nabarmena denez OKERRAK, eta horrek are gehiago kaltetzen du haien sexu-bizipena. Hona hemen ezaugarririk nabarmenenak: 

• Ez dute desira erotikorik. Nahikoa dute beren gaixotasunarekin.

.  Ez dira subjektu erotikoki desiragarriak.

• Ezin dituzte bikote-harremanak izan, egonkor eta orekatuak. Eta ezin dituzte 

   familiak osatu. 

• Desira heteroerotikoa aurresuposatzen da (beste sexuko pertsonekiko desira); 

    beraz, beren sexualitatea ukatuta, sexu-dibertsitatea ere ukatzen zaie.

• Ez dute sexu-hezkuntzarik behar, ezta beren sexualitatea artatzea edo lantzea ere. 

Gainera, sexu-arretako programek beren egoera psikopatologikoa ezegonkor 

dezakete.

Gida honen bitartez, ASASAMek osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonek sexualitateari dagokionez egun jasotzen duten arreta hobetu nahi du, eta, horretarako, ibilbide-orri bat proposatu du erakundeek beren egoera-diagnostikoa egin ahal izateko, baita ikusarazteko, sentsibilizatzeko, prestatzeko eta ahalduntzeko hainbat ekintza ere.