25 N - EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA DESAGERRARAZTEKO NAZIOARTEKO EGUNA

25-11-2024

ASASAM, A25EKO MANIFESTUA

Azaroaren 25a den honetan, Emakumeen kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, Asasametik herritarren batasuna eskatu nahi dugu indarkeria matxista geldiarazteko, gero eta handiagoa den negazionismoaren aurrean.

Emakumeen aurkako indarkeria banalizatzen duten diskurtsoak indartuz doaz, batez ere espazio digitalean, eta egoera horri aurre egin behar zaio. Ildo horretan, gazteen rolak protagonismo berezia hartzen du berdintasunaren aldeko beharrezko eraldaketa sozialari begira.

ASASAMetik bat egiten dugu Emakundek, EAEko hiru foru-aldundiek eta EUDELek elkarrekin egindako kanpainarekin: “Indarkeria matxista ukatzea haren alde egitea da. Batu gaitezen geldiarazteko”. Hori dela-eta, gazteak animatu nahi ditugu elkarrizketa-guneak irekitzera, horrelako mezu negazionistak detektatu eta haien aurrean jardun ahal izateko.