Aiaran buru osasun arazoak dituzten pertsonei babesa emateko kanpaina jarri du martxan Asasamek
ASASAMek sentsibilizazio kanpaina berria jarri du martxan buru osasun arazoak dituzten pertsonei eta senideei laguntzeko. Elkartearen 25. urteurrenaren harira antolatutako kanpainak, “Elkarrekin hobea da bizitza” leloarekin, buru gaixotasunaren inguruko estigmari aurre egin nahi dio, pertsona asko euren arazoa etxean gordetzera bultzatzen baititu. Zentzu horretan, elkarteak buru osasun arazoak dituzten pertsonak motibatu nahi ditu, beharrezko laguntzak bilatu ditzaten. Gainera, kolektiboari laguntza emateko beharraz kontzientziatu nahi du; izan ere, pertsona horien errekuperaziorako funtsezkoa da gizarteak eurei ulertzea eta babesa ematea.
Asasameko presidente María Ángeles Arbaizagoitiak aitortu duenez, gaur egun ere “beharrezkoa da hesi, aurreiritzi eta beldur” askori aurre egitea. Elkarteak 120 pertsonari ematen dio arreta egun, baina kontziente dira Aiaraldean laguntza behar duten herritar gehiago daudela. Hori dela eta, elkartearen ateak zabaldu dizkie pertsona horiei guztiei. Buru osasunaren arretara bideratutako baliabideak handiagotzea ere eskatu du, eta prebentzioaren alde esfortzu gehiago egin behar direla aldarrikatu du. Gainera, hogeita bost urteotan elkarteari laguntza eskaini dioten pertsona eta entitate publiko eta pribatu guztiei eskerrak eman dizkie Arbaizagoitiak.
Laudioko alkate Natxo Urkixok, berriz, Asasamek urteetan zehar gauzatutako sentsibilizazio lana laudatu du. Izan ere, esfortzu horiei esker normalizazioaren aldeko aurrerapauso handiak egin direla uste du. Lehen, buru gaixotasuna zuten pertsonak “maldizio” gisa ikusten zirela adierazi du, eta “lotsagatik ezkutatu” egiten zituztela. Gizartean gertatutako mentalitate aldaketa erradikal hori, familia-elkarte ugariren lan gogorraren emaitza da, alkatearen aburuz.
Eusko Jaurlaritzako Osasun saileko koordinatzaile soziosanitarioa den Jose Antonio de la Ricak ere Asasamek urteotan egindako lana goraipatu du, eta buru osasuna “psikiatriatik askoz haratago doan lehentasuna” dela azpimarratu du. Halaber, estigmari aurrea hartzeko sentsibilizazio kanpainei babesa eman die; buru gaixotasunaren ikuspegi negatibo horrek “buru gaixotasunak dakarren sufrimenduari oinaze gehiago eransten baitio”.
Arabako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako zuzendari Paloma Arancetak gogorarazi du foru entitatearekin sinatutako akordioek buru gaixotasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzen lagundu dutela. Eta Aldundiaren helburua lankidetza hitzarmen hori mantentzea dela iragarri du, kolektiboari beharrezko arreta eskaini eta euren gizarteratzea sustatzeko.
María Isabal García Asasameko erabiltzaileak ere hitza hartu du gaurko prentsaurrekoan. Egun elkarteko zuzendaritza batzordeko kidea den gazte honek aditzera eman du “jabekuntza oso garrantzitsua” dela errekuperazio prozesurako. “Funtzio bat bete behar izanak ardura sentiarazten dizu, eta horrek autoestimuari mesede egiten dio”, aipatu du.
SENTSIBILIZAZIO KANPAINAKO EKINTZAK
Gurutze Villanueva gizarte-langileak kanpainaren xehetasunak azaldu ditu. Nortasun korporatibo eta webgune berrituak aurkezteaz gain, argazki lehiaketa abian jarri berri du Asasamek. Ekintza horren xedea buru osasunarekin loturiko egoerak islatzea da; familiaren eta gizartearen babesa, laguntasuna, aisialdia, eta abar. Horrez gain, elkartean babesa topatu duten pertsona ugariren esperientziak jasotzen dituen bideo korporatiboa aurkeztu dute, baita hainbat pertsonari egindako elkarrizketa pertsonalak ere. Material hori guztia www.asasam.org webgunean dago.
Era berean, datozen hilabeteetan ekimen ugari gauzatuko ditu elkarteak; hala nola buru osasunaren inguruko hitzaldiak eta tailerrak, gaixotasuna mentala duten pertsonei, euren senideei nahiz gizarte osoari zuzendutakoak. Halaber, ASASAM elkarteari ekarpena egin dioten pertsonei omenaldia egiteko aurreikuspena dago.