Bridgestone enpresak informatika-ekipoak oparitu dizkigu
Bridgestone enpresak Basaurin duen lantegiak dohaintza egin dio Asasam elkarteari: zortzi ordenagailu, eskanerra eta inprimagailua.
Dohaintza hau Banku Solidario Teknologikoaren harira egin dute. Horren bitartez, irabazi-asmorik gabeko elkarteei laguntza eskaini nahi die Bridgestone enpresak, denbora batez erabili ostean eta oraindik erabat erabilgarri dauden informatika-ekipoak oparituz. Kasu honetan, bi areto egokitu ditugu Asasameko erabiltzaileek aparailu berriak erabili ahal izateko.
TEKNOLOGIA GIZARTEAREN ESKURA JARTZEA
Microsoft enpresaren DONO proiektuarekin batera gauzatzen ari diren ekimen horrekin, teknologiaren erabilera irabazi-asmorik gabeko elkarteen eskura jarri nahi dute. Dohaintzan eskainitako makinek Windows eta Office sistema eragileak izango dituzte.
Ez da ekintza puntuala, izan ere, Bridgestone-eko arduradunek beste GKE batzuei ere lagundu nahi diete: "Gure helburua ekipoak birziklatu eta berrerabiltzea da, konfigurazio eta mantenu egokiarekin bizitza asko baitaukate oraindik", aipatu du Giza Baliabideetako departamentuko buru Aitor Aguerok.
Asasametik eskerrak eman nahi dizkiogu enpresari ekipo zoragarri hauek gure esku jartzeagatik. Ondo aprobetxatuko ditugu, hori ziur!