Buruko osasun arazoa duten pertsonei eragiten dien estigmari aurre egiteko, zeharkako esku-hartzea eskatu dio Fedeafesek lehendakariari

Miembros de Fedeafes con el lehendakari Iñigo Urkullu y el consejero Ángel Toña

Buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioko (Fedeafes) hainbat kide Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarekin elkartu ziren urriaren 7an kolektiboaren gizarteratze eta laneratze beharrak azaltzeko eta Eusko Jaurlaritzako sail guztien arteko elkarlana eskatzeko, estigmari aurre egite aldera. Izan ere, aurreiritzi eta etiketa horiek eragina dute pertsonaren bizitzako arlo guztietan: osasuna, harreman sozialak, hezkuntza, enplegua, etxebizitza, aisialdia...). Gobernu autonomikoaren egoitzan egindako topaketa urriaren 10ean den Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira antolatu zuten.

 

'Jar zaitez nire tokian. Nirekin bat egin' leloarekin, euskal elkarteen mugimenduak, Estatu mailakoaren eskutik, gaitz psikikoekiko enpatia sustatu nahi du; izan ere, kolektibo horrek estigma eta gizarte-bazterketa sufritzen du. "Beharrezkoa da buru gaixotasuna duten pertsonak gizarteratzea, eurei arreta emateko baliabide gehiago eskaintzea, baita estigma soziala gainditzeko zeharkako politikak lantzea ere", jakinarazi zuen Mª Ángeles Arbaizagoitia Fedeafeseko presidenteak eta Asasameko ordezkariak. Gainera, alderdi konkretu batzuen alde apustu egin behar dela azpimarratu zuen: prebentzioa, diagnostiko goiztiarrak, zaintzaren jarraitasuna, buru osasuna jorratzeko formula berrien aldeko inbertsioa, psikoterapiari indar gehiago ematea eta terapia berriak bultzatzea, hain zuzen.

 

Euskadiko 3.000 familia, 9.000 pertsona eta lau elkarte (Agifes Gipuzkoan, Avifes Bizkaian, eta Asafes eta Asasam Araban) biltzen dituen federazio honen arabera, buru osasunaren aldeko inbertsioak "zaintzaren jarraitasuna bermatu behar du, pertsonen errekuperazioa sustatze aldera. Hortaz, tratamenduak integrala behar du izan, eta neurri terapeutiko guztiak barne hartu (psikoterapia, laguntza psikosozialak, farmakologia...), pertsona bakoitzaren beharren arabera". Era berean, Fedeafesek eredu komunitarioaren alde egin du apustu, pertsonak bere gertuko ingurunean txertatzeko. Horretarako, "ezinbestekoa da baliabide eta zerbitzu berrien alde inbertitzen jarraitzea, pertsona hauek euren komunitatean bizi eta garatzeko aukera izan dezaten. Horrela, kolektiboaren duintasuna bermatu, estigma sozialari aurre egin eta buru gaixotasuna gizartean normaltasunez ikusarazi nahi dugu, beste gaixotasunekin gertatzen den moduan", adierazi zuen Mª Ángeles Arbaizagoitiak. Halaber, familiei babesa ematearen garrantzia ere nabarmendu zuen, buru gaixotasuna duten pertsona askoren errekuperazio prozesuan oinarrizkoak baitira.

 

Iñigo Urkullu kolektiboarekin oso gertukoa izango da eta gizarteratze eta laneratze beharrei erantzun beharra dagoela onartu zuen. Bileran, buru gaixotasuna duten pertsonen Fedeafeseko batzordeko ordezkariek eta hainbat senidek lehendakariari azaldu zioten nolako esperientzia bizi duten buru nahasmenduarekin eta nola lortu duten aurrera egin eta bizitza normalizatua izatea. Fedeafeseko buru gaixotasuna duten pertsonen batzordeko ordezkaria den Mª Isabel García Peñak baieztatu zuen "tratamendu eta laguntza psikosozial egokiekin bizitza normalizatua" izan dezaketela. 

 

LANERATZEA

Kolektibo honen langabezi orokortuko egoera oztopo nagusietakoa da pertsona hauen errekuperazio eta normalizazioan. Osasun mentaleko Espainiako konfederazioak emandako datuaren arabera, diagnostikatuta dauden pertsonen %85k ez du lanposturik. Zentzu horretan, Fedeafesetik eskatu dute "pertsona horien laneratzea bultzatzeko politikak sustatzea, lanerako prestakuntza-programak lantzea eta kontratazioa suspertzea". Horrez gain, kolektiboari bereziki zuzendutako baliabide eta zerbitzuak bultzatzea ere aldarrikatu dute: enplegu zentro bereziak, tutoretzapeko lanpostuak, enplegurako erreserba-kuotak, eta abar. "Egiaztatua dugu: laguntzekin, buru gaixotasuna duten pertsonek lan egin eta euren bizitza normalizatzeko aukera dute", baieztatu du Arbaizagoitiak.

 

Bideoa eta argazkiak