GAZTEEN ETA HAURREN BURU OSASUN ARAZOAK ARTATZEKO POLITIKAK ETA BALIABIDEAK ESKATU DITU FEDEAFESEK

Buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak (Fedeafes) “gazteen eta haurren buru osasun arazoak artatzeko baliabide gehiago” eta arazo honi aurre egiteko politikak indarrean jartzea eskatu du gaur, Donostiako Udalan egindako ekitaldi batean. ‘Hezkuntza inklusiboa, buru osasun positiboa’ lelotzat duen Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira, Fedeafeseko presidente Maria Angeles Arbaizagoitiak, euskal elkarteetako ordezkariak ondoan zituela, kolektiboaren beharrak aldarrikatu ditu Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkarien aurrean.

Fedeafeseko presidente Arbaizagoitiak gaurko ospakizunaren garrantzia azpimarratu du, buru osasunarenganako arreta, kolektiboarenganako sentsibilizazioa eta buruko nahasmendua duten pertsonenganako politikak aldarrikatzeko eguna baita. Zentzu horretan, aurtengoa leloari eutsi dio hezkuntza sistemaren eta instituzioen inplikazioa eskatzeko, gazteriaren buru nahasmenduen prebentzioan, detekzioan eta berehalako arretan. Gainera, buru nahasmendua duten pertsonen gizarteratzea bultzatzeko estrategia baten beharra nabarmendu du; kolektiboaren estigmaren ezabapena eta gazteen suizidioen prebentzioa bereziki azpimarratuko duen estrategia.

Arbaizagoitiak adin tarte horretan suizidioaren arazoa ekiditearen garrantzia adierazi du umeek eta gazteek jasaten duten depresioaren, bullyingaren, genero indarkeriaren eta sexu-abusuen berehalako detekzioaren bitartez. Horrez gain, gazteenek pairatzen dituzten arazo horiek artatzeko politikak eta baliabideak edukitzearen garrantzia azpimarratu du. Izan ere, Estatuko Osasunaren Aldeko Konfederazioaren datuen arabera, helduak garenean garatzen ditugun buru osasun arazoen %50 hasten dira 15 urte bete baino lehen, eta %75 18 urteak baino lehen. Arbaizagoitak salatu du instituzioengandik arreta egokia jasotzen ez duen buru nahasmendua duen gazte ugari dagoela.  

Donostiako alkate Eneko Goiak euren “lan ordezkaezina” eskertu die buru osasunaren alde lan egiten duten elkarteei eta “buru osasuna herri honen gainditu gabeko irakasgaia” dela onartu du. Hirugarren sektorearen lana ere aintzat hartu du eta gaurko ospakizunaren garrantzia azpimarratu du “tabutzat dugun arazoa ikusarazteagatik” eta kolektiboaren normalizazioaren norabidean emandako pausoengatik.